Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duten zerbitzu guztiak elkartzen dituen espazio fisikoa, emakumeen ahalduntze indibidual zein kolektiboa bultzatzeko beharrezkoak diren askotariko baliabideak biltzen dituena. Zerbitzuen artean, besteak beste, aholkularitza legal, juridiko eta psikologikoa, osasunaren eta sexualitatearen alorreko informazio eta aholkularitza, prestakuntza, ikastaroak eta hitzaldiak eskain daitezke, eta baliabideen artean, berriz, elkarlanerako espazioa. Halaber, 'emakumeen etxe' deritzo gune fisiko hori helburu izanik urratsez urrats biltzen eta eratzen doazen zerbitzu eta baliabideen multzoari, hau da, azken helburua lortzeko prozesuari.
Emakumeen etxeak auzo edo udalerri bateko feministek, tokiko erakunde publikoekin elkarlanean, bultzaturiko prozesu partizipatibo baten emaitza izaten dira. Ez dute egitura finko bat; izan ere, etxearen sortze-prozesuan parte hartzen duten pertsonek eta eragileek erabakitzen dute zein izango diren kasu bakoitzean kudeaketa-eredua, funtzioak eta erabilera.